Zestoa eta Urepele senidetze proiektua: bi herri, kultura bat.

Mugaren bi aldeetan kokatuta dauden bi herrien artean harreman formal eta iraunkorra sortu nahi da, lankidetzan, elkartrukean eta elkarrekiko elkartasunean oinarrituta. 2023Aan ofizialdu zen bi herrien arteko senidetzea eta ordutik harremanetan eta elkarlanean gabiltza Urepeleko eta Zestoako herritarrak.
Zestoako eta Urepeleko (Nafarroa Beherea) udalen arteko harremanak 2022ko abuztuan hasi ziren, Zestoako hainbat udal ordezkari eta Itxaropena dantza taldeko hainbat kide Urepelen izan ziren, herria ezagutu eta bertako ordezkariekin egitasmoaz hitz egiteko.
Garai batean euskal kulturaren erreferentzi izan ziren Fernando Aire Etxart Xalbadorrek (Urepele, 1920 – 1979) eta Manuel Olaizola Urbieta Uztapidek (Zestoa, 1909 – Oiartzun, 1983) izandako adiskidetasuna oinarri hartuaz, bi bertsolarien obra, bi herrien eta euskal hiztunon lotura indartzea da helburua. Ez da beraz, ekimen instituzionala proiektu hau, bi herrietako eragileen arteko harremana eta elkarlana baizkik.
Senidetze ekitaldiak
2023ko azaroan egin ziren Zestoan eta Urepelen senidetze ekitaldi ofizialak. Zehazki, azaroaren 18an izan zen Zestoako ekitaldia eta senidetze hitzarmena sinatzeaz gain, herriko plazan soka-dantza dantzatu zuten Zestoako eta Urepeleko ordezkariek elkarrekin, bi herrien lotura soka-dantzarekin irudikatuz. Azaroaren 26an, berriz, Zestoako ordezkariak Urepelen izan ziren senidetze hitzarmena sinatu eta ekitaldian parte hartzen. Soka-dantza, bertso eta bazkariarekin borobildu zen senidetzea ekitaldia.
Xalbapide
Zestoa eta Urepele lotzen dituen bidea da Xalbapide. Bi udalerriaren udalerrien arteko senidetzea abiatu zenetik, zenbait ekimen egin dira: Zestoa eta Urepele egunak, tokiko ekoizleen bisitak, Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburuaren argitalpena…
Aipaturiko ekintzei jarraipena emanez bi herriak mendiz lotzeko bidea erea osatu dugu. Bi bertsolari handiren jaioterriak dira geureak, Uztapiderena Zestoa eta Xalbadorrena Urepele. Bien izenak batuz sortu zaigu ‘Xalbapide’, bi herrien arteko ibilbidea adierazteko, oinezko etapa ez gogorregiekin osatutako bide bat, euskararen herria zeharkatzeko aukera bat, herria baita gorputza, eta hizkuntza bihotza, Xalbadorrek esan zuen bezala.