Xalbapide bideak mendiz Zestoa eta Urepele herriak lotzen ditu, bi ibilbide aurkeztuko ditugu: bata nagusia eta 5 etapatan, 120 kmko bidea egiten duena (Uztapide bidea) eta bestea mendian gehiago zailduta daudenentzat: 4 etapatan 113 kilometro egiten dituena (Xalbador bidea).
Xalbador bideak bide nagusia utzi eta Ernio azpitik Tolosarantz egiten du eta Belate inguruan (Uztakortako lepoa) berriro bide nagusira batzen da. Gainera, behin Leaburu eta Gaztelu atzean utzita Xalbador bideak Urepelera arte ez du inongo herri edo auzorik gurutzatzen. Beraz, jarraian egin nahi bada, ondo hornituta eta lo egiteko ekipamendua ere gainean eramatea komeni da.
Aldiz, Uztapide bidea zertxobait luzeagoa izanagatik, erosoagoa da eta azken-aurrekoa ezik beste etapa denak herrietan amaitzen dira (Andoain, Goizueta, Labaien, Artesiagako lepoa eta Urepele)