Artesiaga – Urepele (18.7 km)
- Distantzia: 18.7 km
- Desnibel positiboa: 573 m
- Desnibel negatiboa: 1154 m
- Gehieneko garaiera: 1189 m
- Gutxieneko garaiera: 379 m
Jakingarriak
Artesiagako mendatean hasita, zeharbide batean lau kilometro egingo ditugu 1000 metroko mailan, Oialegi lepoan barrena. Kilometro bateko igoera lasaia egin eta marka zuri-gorriak jarraituz Buztanberroko lepoa harrapatuko dugu, hemen Euskal Herriko GR 12 xendak Piriniotako zeharkaldiko GR 11rekin bat egiten duelarik.
Hortik dena behera izango da. Bi ibilbideak zatitxo batean banatu egingo dira baina Urkiagara jaitsi aurretik berriro bat egingo dute. GR 12a hartuko dugu eta borda baten albotik pasata, Urkiaga mendatera iritsiko gara.
Errepidea gurutzatu eta marka zuri-gorriei agur esan eta ezkerrera hartuko dugu eta pagadi batean sartuko gara. Pistan behera jarraitu, erreka txiki bat gurutzatu eta eskuinera eginda galipotazko bidean sartuko gara. Kintoko errepidearen paralelo jaitsiko gara lau kilometro inguru. Kurba itxi batera iristean, parez pare baserri bat ikusiko dugu eta orduan ezkerretara egingo dugu mendi pista nahiko zabal batetik. 2 kilometro eskasean galipotazko bidera sartuko gara eta, Urepeleko hainbat baserriren albotik pasata, Urepel herrigunera iritsiko gara. Fernando Aire “Xalbador” handiaren oroitarriaren ondoan bukatuko dugu ibilaldia.

Galeria





















