Jakingarriak

Segituan Belateko mendatean errepide nagusia zeharkatuko dugu eta gurdi bidea jarraituaz eskubitara utziko dugu Belateko monastegia. Horrela Santiago ermitatik igaroko gara, ibilbideko aldaparik gogorrena hasiz, bost kilometroko igoera. Hasierako zatian, pagadian barrena, malda gogorra dugu aurretik, baina bidean badira helduleku lagungarriak.

Pagaditik irten eta gora zelai zabalean eskuin alderako norabidean jarraituko dugu. Zabalunean gora segitu eta Okolin gaina egingo dugu, ibilbideko punturik gorena (1355 m). Saioa ezkerrretara utzi eta norabide aldaketa egiteko kurba itxian Sagardeliko cromlecha aurkituko dugu. Bidezidor batean aurrera egin eta segituan mendi pista zabalera iritsiko gara. Aldapan behera kilometro bat egin eta Artesiagako mendatera helduko gara (984 m).

Artesiagako mendatean hasita, zeharbide batean lau kilometro egingo ditugu 1000 metroko mailan, Oialegi lepoan barrena. Kilometro bateko igoera lasaia egin eta Buztanberroko lepoa harrapatuko dugu. Hemen Euskal Herriko GR 12 xendak Piriniotako zeharkaldiko GR 11rekin bat egiten duelarik.

Hortik dena behera izango da. Bi ibilbideak zatitxo batean banatu egingo dira baina Urkiagara jaitsi aurretik berriro bat egingo dute. GR 12a hartuko dugu eta hortik dena behera izango da, borda baten albotik pasata, Urkiaga mendatera iritsiko gara. Marka zuri-gorriei agur esan eta ezkerrera hartuta pagadi batean sartuko gara. Pistan behera jarraitu, erreka txiki bat gurutzatu eta eskuinera eginda galipotazko bidean sartuko gara. Kintoako errepidearen paralelo jaitsiko gara lau kilometro inguru. Kurba itxi batera iristean, parez pare baserri bat ikusiko dugu eta orduan ezkerretara egingo dugu mendi pista nahiko zabal batetik. 2 kilometro eskasean galipotazko bidera sartuko gara eta, Urepeleko hainbat baserriren albotik pasata, Urepel herrigunera iritsiko gara.

Galeria