Herria, gorputza, hizkuntza eta bihotza: Dantzan lotu dira Urepele eta Zestoa
Bi herrien arteko senidetze ofizialak gauzatu ondoren, 2024ko udaberrian Urepele eguna ospatu zen Zestoan eta urte bereko udazkenean berriz, Zestoa eguna Urepelen. Halako lehen elkarketan, soka dantza batek batu zituen bi herrietako lagunak, eta Dantzan.eus agerkarian Amaiur Aristi zestoarrak halaxe deskribatu zuen egindakoa:
“Herria da gorputza, hizkuntza bihotza”; abestu zuen Xalbadorrek. Guk ere ezin ba bereizi ez herria, ez hizkuntza, ez gorputza eta ez bihotza. Aspalditik, Xalbadorrek eta Uztapidek bihotzez batu zituzten bi herriak, Urepele eta Zestoa. Orduan hasitako sokari heldu eta luzatzen eta korapilatzen jarraitzeko asmotan gabiltza orain. Bi herrien arteko lotura hitzartu dugu paperean, Urepeleko eta Zestoako bertsolari handien hitzak gogoratu eta kantatu ditugu eta egungo bertsolariek bota dituzte berriak. Eta bi herrien lotura plazan dantzaurrean eta dantza-kordan gorpuztu dugu, eskuz esku zestoarrak eta urepeldarrak elkarrekin dantzan.
Argazkiak eta kontu gehiago: Dantzan.eus-eko artikuluan.