ZestoaUrepele.eus webgunea ireki da, bi herriak batzeko bideak aurkeztuz
Gaur aurkeztu da ZestoaUrepele.eus webgunea, Zestoa eta Urepele senidetu zirenetik gauzatu den proiektu bat publiko egiteko: bi herrien arteko bidea dokumentatzen duen baliabide bat da hau. Ibilaldi eta ikustaldien bidez Gipuzkoako eta Nafarroa Behereko herri hauen eta herritarren arteko lotura adierazteko modu bat da.
Bide bat… edo bideak. Uztapide bidea eta Xalbador bidea dira dokumentatutako ibilbideak, tarte komunak dituztenak, baina toki desberdinetatik doazenak. Izen ezagunak eman zaizkie bideei. Bi bertsolari eta idazle handi izan ziren, Fernando Aire Etxart Xalbador, eta Manuel Olaizola Urbieta Uztapide, bi herriotako semeak, elkarren adiskide handiak.
Uztapide bidea izango zen bide nagusia, 5 etapatan, 120 kilometroko bidea egiten duena. Bestea, Xalbador bidea, mendian gehiago zailduta daudenentzat: 4 etapatan 113 kilometro. Uztapide bidea zertxobait luzeagoa izanagatik, erosoagoa da eta azken-aurrekoa ezik beste etapa denak herrietan amaitzen dira (Andoain, Goizueta, Labaien, Artesiagako lepoa eta Urepele).
Bide bakoitza bi norabideetan dago dokumentatuta, datu teknikoekin eta formatu desberdinetan jaitsi daitezkeen fitxategiekin, GPS edo mugikorretako aplikazioekin mendian ongi joateko.
Webgunea prestatu du CodeSyntax euskal enpresak. Zestoako Udalarekin elkarlanean garatu da, eta aurretik egin zen antzeko beste proiektu baten oinarria hartuta apailatu da: Mugak Zubi webgunea, Antzuola eta Aiherra senidetzen dituena, hori ere Gipuzkoa eta Nafarroa Beherea lotzeko bide bat.