Beintza-Labaien – Artesiaga (28.4 km)
- Distantzia: 28.4 km
- Desnibel positiboa: 1600 m
- Desnibel negatiboa: 1053 m
- Gehieneko garaiera: 1355 m
- Gutxieneko garaiera: 446 m
Jakingarriak
Hasieratik aldapan gora hasiko gara, igoera gogor batekin, Orraita lepora iritsi arte. Ondoren, gainez gain Bonozorrotz eta Soratxipi mendien arteko gainetik, Uztakortako lepora jaitsiko gara eta hemen GR 12arekin bat egingo dugu. Pixkanaka igotzen joango gara, lasai-lasai eta Putzuetako gaina harrapatuko dugu (1062 m).
Kilometro bat behera eginda Aterpera iritsiko gara; geldialdia egiteko toki aproposa lan erdiak eginda, iturria ere badago bertan. Beheraka goazela, bi kilometroren buruan, Odolagako Bentara iritsiko gara. Segituan Belateko mendatean errepide nagusia zeharkatuko dugu eta eskubitara utziko dugu Belateko monastegia.
Horrela Santiago ermitatik igaroko gara, ibilbideko aldaparik gogorrena hasiz, bost kilometroko igoera. Hasierako zatian, pagadian barrena, malda gogorra dugu aurretik, baina bidean badira helduleku lagungarriak. Pagaditik irten eta gora zelai zabalean eskuin alderako norabidean jarraituko dugu. Zabalunean gora segitu eta Okolin gaina egingo dugu, ibilbideko punturik gorena (1355 m). Saioa ezkerrretara utzi eta norabide aldaketa egiteko kurba itxian Sagardeliko cromlecha aurkituko dugu. Bidezidor batean aurrera egin eta segituan mendi pista zabalera iritsiko gara. Aldapan behera kilometro bat egin eta Artesiagako mendatera helduko gara (984 m).

Galeria













