Zestoa eta Urepele senidetuta, Uztapide eta Xalbador gogoan

Zestoa eta Urepele senidetzeko proiektua 2023an ofizialdu zen. Bi bertsolari eta idazle handi dira bi herrietako seme: Fernando Aire Etxart Xalbador (Urepele, 1920 – 1976) eta Manuel Olaizola Urbieta Uztapide (Zestoa, 1909 – Oiartzun, 1983) adiskideak ziren, eta bi bertsolarien laguntasunaren sokari jarraika bien jaioterriak senidetuta daude.

Senidetzearen lehen saio ofiziala 2023ko azaroaren 18an Zestoako udaletxeko areto nagusian egin zuten. Xole Aire eta Mikel Arregi alkateek senidetze hitzarmena irakurri eta sinatu zuten bi herrietako hainbat ordezkariren ondoan. Saio instituzionala izanda ere oso giro herrikoi eta atsegina sortu zen bertan. Aitor Salegi eta Gorka Olaizola bertsotan eta Aizpea Aristik eta Claudek kantuan, Xalbador Urepeldarra eta Uztapide Zestoarraren laguntasunaz aritu ziren. Ekitaldia amaitzeko, soka-dantza egin zuten plazan Garikoitz Mendizabalek txistua jotzen zuelarik.

Bigarren saio ofiziala 2023ko azaroaren 26an Urepelen egin zuten, bi alkateen sinadura ekitaldiaz gain, Daniel Aire, Xalbadorren semeak eta Aizpea Aristi zestoarrak, Alduden 1963an bi bertsolari handiek ofiziotan botatako bertso ezagunak kantatu zituzten. Bi herriek lore sortak eskaini zizkioten elkarri. Informazio gehiago, hemen.